XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, kanpokoak dira gerra dela eta gorriak ikusi behar dituztenak; eta bitartean, serbiarrek obus hots urruna besterik ez dute entzuten gerra horretatik.

Gauza goxua, oso, baldintza horietan gerratan ibiltzea!

Azken iruzkin bat blokeoari buruz: nahi dutenean, badakite blokeo ederrak egiten.

Bestela, kubatarrei galdetu.

Berri latzagoak izango ditugu seguru, kontzentrazio zelaietan gertatutakoari buruzko albiste bakanak besterik ez baitzaizkigu oraindaino iritsi.

Baina tantaka izan arren, gauza guztiak aterako dira argitara.

Eta egunen batean serbiar gazteek izerdia botako dute, nork saldu ote zituen ulertu-nahian.

Eta ondo gogoz kontra onartu beharko dute euren gurasoak hiltzaile batzuk izan zirela.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion 2. Mundu-Gerraren ondoko Alemaniari.

Hotsetan ibiltzeak, berriz, ez du asko laguntzen, benetako borondatea falta denean.

Sobiet Batasunaren zatiketa gertatu eta gero, hasierako poza kezka bilakatu zen Europako gobernuen artean: nazio berriak eredu bihurtzen ari ziren naziogabeko herri europarrentzat: Korsika, Irlanda, Katalunia, Euskadi...

Gainera, ordurarte lotan egondako zenbait herri ere asaldatzerik bazegoen (Eskozia, kasu).

Bestalde, ez zen komenigarri Sobiet Batasuneko erorketa azkarregi gertatzea.

Izan ere, indar kontserbadoreak oraindik baziren sustoren bat emateko gauza gogoratu besterik ez dago Gorbatxov bera nahastu zuen estatu kolpearen ahalegina.

Gatozen harira ordea.

Europako gobernuek eskarmentu ederra eman nahi izan diete nazionalismoei.

Eta horrela, Yugoslavia ohia osatzen zuten herriei suertatu zaie larrutik ordaintzea (bai eta garesti ordaindu ere!).

Hortaz, beren lurraldeetan azpinazionalismoak dauzkaten nazionalismo handiek (Frantzia, Espaina, Ingalaterra,...) esaten digute orain inuxentearen aurpegia jarrita Ikusten, zelako bide galgarria kroaziar eta bosniar gizarajo horiena?

Bada zoritxar guzti horien errua nazionalismoetan datza.

Ikas ezazue irakaspena gero!

Joku zikina du honek izena.

Eta bizi asko lapurtu eta sufrimendu handiak eragiten ari da.

Batzurentzat, ordea, hutsaren hurrengoa da hori.

Baina ibil gaitezen zazpi begiekin Kroazia eta Bosniaz hitz egiteko orduan.

Kroazia kroaziarrek gehienbat osatua dagoen bitartean, Bosniako giza osagaia, ordea, bestelakoa da: musulmanak ugari-ugari dira azken lurralde honetan.

Eta erro kristauak dituen Europaren eta mundu musulmanaren arteko harremanak, betidanik izan dira mesfidantzaz beteak.

Beraz, nabarmen eta agerian dagoela iruditzen zait: musulmanak, europarren begitan, bigarren mailako biztanleak dira soil-soilik.